Sormen Beka DA! aurkeztu dute gaur Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Ima Garrastatxu Durangoko alkateak. Euskal sortzaile berriei laguntza eta ikusgarritasuna emateko helburuarekin errepikatzen dute deialdia. Baina bigarren edizioan, musika oinarri duen sormen lana sarituko da. Irailaren 21era arte dago proposamenak aurkezteko epea zabalik.

Bakarka edo taldeka aurkeztu daiteke lana, eta musika estilo ezberdinak onartzen ditu deialdiak. Proposamenarekin batera, lagina ere aurkeztu beharko da. 15.000 euroko saria jasoko du lan irabazleak eta urtebeteko epea izango du sortu eta jendaurrean aurkezteko. Irabazlearen berri abenduaren 5etik 8ra egingo den 54. Durangoko Azokan jakitera emango du epaimahaiak.

Deialdiari dagozkion oinarri zehatzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren ereduak durangokoazoka.eus webgunean sareratuta daude.