25 dokumental eta erreportaje sareratu ditugu Garaia ikus-entzunezkoen biltegian


2024/07/21


Gerediaga Elkarteak “Garaia, Durangaldeko ikus-entzunezko biltegia” online jarri zuen martxan otsailean, eskualdeko memoria eta ondarea jasotzeko eremuan ekarpena egiteko asmoarekin. Biltegiaren lehen urratsak, gerra zibilari lotutako lekukotzekin eman genituen.

Orain, atal berria sortu dugu. Durangaldeko historiarekin, kulturarekin eta gizarte gaiekin zerikusia duten dokumentalak eta erreportajeak ikusteko aukera dago. Sortzaileek ekoitzitako film edo erreportajeak plataforma bakarrean batuko dira, asmo birekin: lanok zabaltzen laguntzea eta herritarren esku-eskura ipintzea.

Lanetako batzuk, publikoarentzat ezagunak dira eta sareko plataforma ezberdinetan aurkitu daitezke. Beste batzuk, aldiz, VHS, Beta eta formatu zaharragoetan izan ditugu Gerediaga Elkarteko dokumentategian eta digitalizatu egin ditugu.

Garaiak, ondare guzti hori batu eta babesteko balioko du, sasoi batean uzta gordetzeko erabiltzen ziren garaien antzera. Biltegia amaigabea izatea da asmoa. Plataforma hau herritarren eta eragile ezberdinen eskura egotea nahi dugu. Horregaitik, Durangaldeari buruzko edozein dokumentalek edo erreportajek izango du lekua. Jaso eta digitalizatu ahala, handitzen joango da biltegia.

25 dokumental inguruk osatzen dute hasierako katalogoa. Gai oso ezberdinak zabaltzen dituzten ikus-entzunezkoak dira eta Durangaldeko herri ezberdinetako ondarean eta historian murgiltzeko aukera ematen dute.

garaia.gerediaga.eus