60. Urteurrenaren ospakizunerako gonbidapen zabala egin nahi dugu


2025/06/11


1965. urteko ekainean eman zituen lehen pausuak Gerediaga Elkarteak. 60 urte betetzen ditu aurten eta ospatzeko ekitaldia antolatu dugu ekainaren 14rako.

Abadiñoko Gerediaga auzoko foru-zelaian izango da ospakizuna. Orain dela 60 urte, ingurua nahiko utzita zegoela ikusita eta eskualdearen historian hain leku garrantzitsuak arreta behar zuela iritzita, bertan elkartu ziren elkarteko lehenengo bazkideak. Beraz, elkartearen sorrera-lekuan izango da ospakizuna.

Durangaldeko elkarte, talde, erakunde eta jendeak parte hartuko du ospakizunean eta ikus-entzuleak ere denetarikoak gura ditugu. Horregaitik, ospakizunera etortzeko gonbidapena luzatzen diegu etortzeko gogoz edota jakinminez diren guztiei.

“Izan eta Eragin” ikuskizuna prestatu dugu.

Ordubete inguruko ikuskizunean, Gerediaga Elkartearen iragana, oraina eta geroa laburbiltzeko ahalegina izango da, ikus-entzunezko laburretan eskualdeko eragileen lekukotzak eta eskualdeko irudiak tartekatuta.

Horrez gain, musika ere izango da. Ikuskizunaren aurreko eta osteko tarteak girotzeko Itsuak jarriko du musika, eta ikuskizunean Malakiasek, batetik, eta Onintza Azkaratek, Eider Gallastegik eta Joannah Keenek osatuko duten hirukoteak, bestetik, pieza bana joko dute.

Iruri Altzerrekak eta Unai Iturriagak bertsotan egingo dute ikuskizunerako prestatuko diren bi eszanatokietan eta, Karrika antzerki taldeak, euren-eurena duten umoreari eutsita, XIX. mendean foru-zelaian egiten ziren eskualdeko udalerrien batzar baten murgilduko ditu ikus-entzuleak. Durangaldeko izaeraren parte diren ezpatadantzarien saioa ere izango da, okasiorako, eskualdeko herri ezberdinetako dantzariz osatutako taldea eratuta. Sopresarik eta jan-edanik ere ez da faltako urteurren borobila ospatzeko.

Mugikortasunari begirako oharra

Antolakuntzatik mugikortasunari dagokion ohar garrantzitsu bat zabaldu nahi dugu. Gerediaga ermita inguruan autoa aparkatzeko lekurik ez da egongo, eta bertaratzea errazteko asmoarekin, doako autobusa izango da joan-etorrian Traña-Matienako Zubibitarte kaleko geralekutik, 18:45ean hasi eta 19:50era bitartean. Ekitaldia amaitutakoan, 21:15etik aurrera, etxerako bidea egiteko ere autobusa izango da. Autobuserako geralekua Traña-Matienako Zubibitarte kalean egongo da (lehengo Jata parean). Gerediaga foru-zelaira Traña-Matienatik oinez igotzea erabakitzen dutenek ere autobusez itzultzeko aukera izango dute.

Euria egingo balu, ospakizuna Abadiñoko probelekuan izango da. Kasu horretan, baina, ez da autobus zerbitzurik izango.

Argazkia: ikuskizunerako bideo laburren grabaketa momentu bat Gerediagako foru-zelaian. Bideografik ekoizpen etxea eta Edorta Barruetabeñak osotu dute taldea.