Durangaldea ezagutzeko bisita gidatuen katalogoa osatu dugu
2025/06/05

Gerediaga Elkarteak Durangaldeko ondarea eta historian sakontzea dauka bere egiteko nagusietako bat. Jasotzen duen edo pilatzen duen ezagutza jendarteari zabaltzeko ekimenak hainbat burutzen ditugu. Oraingoan, urteetan eskaini izan ditugun bisita gidatuak egituratu eta katalogo batean jaso ditugu.
Guztira, 16 bisita gidatu ditugu diseinatuta eta guztiak daude kontsultagarri webgune honetako egitasmoen atalean. Durangaldeko herrietako historia ezezik, ondare materialean eta inmaterialean murgiltzeko aukera dira bisitak. Gehienez, 25-30 pertsonako taldeei eskainitako bisitak izaten dira eta eskari bidez antolatzen dira.
Durangaldearen ikuspegi zabala emateko helburuarekin, eskualdeko udalerrien historia eta ondarea ezagutzera emateko herri bakoitzeko bisita bat prestatu dugu. Badira, baina, bi bisita edo gehiago dituzten herriak: Berriz, Mallabia eta Durango, adibidez.
Ahalegindu gara, bisita gehienak irisgarriak izan daitezen. Irisgarriak eta edonork egiteko modukoak. Baina, Urkiolako Natur Parkeko eta Mañariko bisitak ohikoak baino luzeagoak izateaz aparte, mendiko oinetakoak jantzita egitea gomendatzen dugu, bide aldapatsua delako leku batzuetan.
Urkiola Landa Garapena elkartearekin lankidetza
Katalogoaren zabalkundera begira, Urkiola Landa Garapena elkartearen babesa dauka Gerediaga Elkarteak. Urkiola Landa Garapenak eta Gerediaga Elkarteak bat egin dute proiektu honetan, landa garapenerako izaera duelako eta landa-turismoaren garapenean eragiten duelako egitasmoak. Gainera, eskualdeko landa-ingurunea helmuga turistiko jasangarri baterako bokazioa ere badu ekimenak.
Ekainaren 22tik irailaren 28ra, doako 11 bisita gidatu programatu dira. Ekainean 3 bisita izango dira, uztailean ere 3 bisita eta irailean gainontzeko 5 bisitak. Urkiola Landa Garapena Elkartean ordezkaritza duten udalerrietan izango dira bisitak.
Bisita bereziak izango dira. Euskaraz izango dira bisita guztiak. Gehienez, 25-30 pertsonako taldeak osatuko dira bisita bakoitzeko, baina norbanakoek edo talde txikietan izena emateko aukera egongo da. Bisitak doan izango dira. Hala ere, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea eta antolakuntzatik baieztapena jasotzea. Horretarako, Gerediaga Elkartera jo behar da telefonoz 946818066 zenbakira deituta edo mezu elektronikoa gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bidalita. Honako hauek izango dira bisitak:
EKAINA
Ekainak 22, igandea, 11:00-13:30 / Durango: “Erdi Aroko Hiribildua”. Ibilbide erraza. Bisitaren amaireran, Durangaldeko KM0 produktuen dastaketa eskainiko zaie partehartzaileei. KARTELA IKUSI
Ekainak 28, larunbata, 16:00-19:00 / Abadiño: “Natur parkean murgilduta”. Mendiko oinetakoak eta ura eramatea eskatzen zaie partaideei. Ibilbidearen zati bat aldapan gora izango da. KARTELA IKUSI
Ekainak 29, igandea, 10:30-12:30 / Mañaria: “Harri herria”. Herrigunean hasiko da ibilbidea, baina ibilbide aldapatsua izango da. Ura eta mendiko oinetakoak eramatea eskatzen zaie partaideei ibilbide malkartsua delako leku batzuetan. KARTELA IKUSI
UZTAILA
Uztailak 5, larunbata, 17:00-18:00 / Amorebieta-Etxano: “Izen biko herria” KARTELA IKUSI
Uztailak 6, igandea, 11:00:12:30 / Elorrio: “Jauregien erreinua” KARTELA IKUSI
Uztailak 12, larunbata, 11:00-12:30 / Zaldibar: “Bainuetxearen ohiartzuna” KARTELA IKUSI
IRAILA
Irailak 13, igandea, 16:30-18:00 / Izurtza: “Etxaburutarren dorrea” IKUSI KARTELA
Irailak 20, larunbata, 11:00-12:30 / Iurreta: “Auzolanean eraikitako herria” IKUSI KARTELA
Irailak 21, igandea, 11:00-12:30 / Berriz: “Markesaren paisaiak” IKUSI KARTELA
Irailak 27, larunbata, 10:30-12:30 / Atxondo: “Anbotopeko herria” IKUSI KARTELA
Irailak 28, igandea, 11:00-12:30 / Garai: “Durangaldeko balkoia”. Bisitaren zati bat partaideen kotxeetan egingo da. IKUSI KARTELA