Durangokoak emango dio hasiera bisita gidatuen programari
2025/06/17

Ekainetik irailera 11 bisita gidatu izango dira, Durangaldeko beste horrenbeste udalerrien ondarea eta historia ezagutzeko. Bisita hauek doakoak izango dira, euskaraz, eta Urkiola Landa Garapenaren babesarekin egingo dira.
Dena dela, 11 bisita baino gehiagok osatzen dute katalogo osoa. Gaur gaurkoz, taldeei eskainitako 16 bisiten eskaintza dago jasota Gerediaga Elkartearen webgunean.
Durango Erdi Aroko Hiribildua
Durangoko Museoan hasiko den bisitan, Erdi Aroko hiribilduaren ezaugarri nagusiak ezagutu, ikusi eta bere historiako momenturik esanguratsuenei egingo zaie errepasoa. Ordu t’erdiko ibilbide erreza izango da eta guztiz irisgarria, mugikortasun arazoren bat dutenentzat.
Bisitaren bigarren zatian, Turismo bulegoan, Saltsan Katerin zerbitzu enpresaren eskutik dastaketa saio labur bat egingo da. Durangoko KMO produktuak erabilita, porruen vichyssoise pintxoa, gertuko gazta eta txakolina probatuko dute bisitariek.
Oharra
Bisita gidatu honetan parte hartzea doakoa da, baina leku mugatua denez, aurretik izena ematea derrigorrezkoa da Gerediaga Elkartera deituta (946818066) edota helbide elektronikora mezu bat idatzita (gerediaga@gerediaga.eus).
Partaideek antolakuntzakoen baieztatzea beharrezkoa izango dute bisitan parte hartzeko.