Astola aldizkariaren 20. zenbakia ospatzeko, argitalpen berezia prestatu du Gerediaga elkarteak
2026/11/09
Durangaldeko ikerketa-gaiak, historia eta kultura kontatzeko interesarekin jaio zen, eta norabide berean jarraitzen du argia ikusten urtean behin. Aurtengo zenbakia jendaurrean aurkeztu dute, irakurle, laguntzaile eta babesleak ondoan izanik. Ekitaldian, egitasmoaren balioa aitortu du Gotzon Gomez Gerediaga elkarteko presidenteak. “Inguruan halako proiektu gutxi daude, eskualdearen iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dutenak. Izan ginena, garena eta izango garena zaindu, zabaldu eta mimoz lantzen dutenak”. Astolaren sortzaile eta kide izandakoen lana nabarmendu du Gomezek, eta laguntzaile diren erakundeei eta saltokiei eskerrak eman dizkie. Txelu Angoitia zuzendariak ere esker hitzak izan ditu laguntzaile gutzientzat, eta bereziki erredakzio taldeko kide izandako hiru lagun izan ditu gogoan: Jose Mari Uriarte, Jon Irazabal eta Izaskun Ellakuriaga.
Hogeigarrena izatera, edizio berezia prestatu dute erredakzio taldeko kideek; ohiko erreportajeez aparte, Astolaren ibilbidea bistaratzen duen atal bat dakar urtekariak. Bertan, zenbait irakurleri ahotsa eman diete, eta hauek, Astolari buruz duten iritzia azaldu dute idatziz. Aurtengo gaien artean, aipagarria da Ainhoa Urienek Xabier Amurizarekin eginiko elkarrizketa gertuko eta mamitsua, Etxanoko bertsolari eta idazlearen ibilbidea errepasatzeko. Foto Sol argazki artxiboko hainbat irudi jaso ditu aldizkariak, eta 60-70eko hamarkadetan eskualdean pizturiko langile mugimendua aztertzeko erreportajea ere badakar. Oraina eta geroa ahaztu barik, Hontza museoaren etorkizuneko asmoak kontatu dituzte museoko arduradunek. Aldizkariko gaiak eta egileak hurrengoak dira:
Kurutziagako Gurutzea: berriro ere hizketan. Imanol Tabera.
Iurretaren anexioa, joan-etorriko bidaia. Markel Onaindia, Jon Irazabalen ikerlanean oinarrituta.
Nork ez du ezagutzen Bitor Garitaonandia? Pello Zabarte.
Hontza museoa. Bizitza oso bat pasio eta dedikazioz ezagutza bildu eta partekatzen. Itsaso Esteban.
Langile mugimendua eta auto-antolakuntza Durangaldean (1960-1979). Xixili Bengoetxea.
Garage Moreno. Miguel Martin.
Foto Sol. Trabajadores de la fotografía. Txelu Angoitia.
Belatxikietako San Inazio ermitak 75 urte Zazpitxaboletan. Juan Martin Iriondo.
Elorrio y sus escudos de armas. Angel Larrea.
Bestalde, ez dira faltako Durangaldeko herritarrek maite dituzte txokoen inguruko idazkiak, barruko ibilbideak deiturikoak.
Astolaren hogeigarren alea Durangaldeko dendetan dago salgai: Abadiñoko Petite eta Zelaietako estankoan, Berrizko Etxebarria estankoan, Durangoko Arteka, Etxebarria, Gozotxori, Hitz, Ikerfer, Marpa, Urrike eta Museoan, Elorrioko Txokolaten, Iurretako kopistegian eta Zaldibarko Imendian. Gainera, Durangoko Azokan ere salga egongo da, abenduaren 4tik 8ra, Gerediaga elkarteko erakusmahaian.