Durangaldean zortzi bisita gidatu izango dira, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan
2025/09/17

Ondarearen Europako Jardunaldiak herritarren parte hartzera bideratutako ekimenak dira. Hauek 2001etik urtero antolatzen dira Europako Kontseiluaren ekimenez eta Europar Batasunarekin lankidetzarekin. Gerediaga elkarteak Durangaldeko eskaintza koordinatzen du, udalekin eta aldundiarekin batera.
25. urtemuga denez, aurtengo programaren barruan doako 250 kultura-proposamen baino gehiago eskainiko dira urri osoan zehar, eta beste edozein ediziotan baino antolatzaile gehiagok parte hartuko dute. Edizioak erdigunera ekarriko duen gaia arkitektura-ondarea da, eta herritarrak horretara hurbiltzeko bisitak, tailerrak, erakusketak eta jarduera artistikoak konbinatuko dira.
Durangaldean zortzi bisita gidatu antolatuko dira, denak euskaraz, urriaren 4tik 26ra bitartean:
- Urriak 4, Berriz. Bola jokoa: Jardunaldi honetan Berrizko Bolatokiaren arkitekturari buruz ikasiko dute bisitariek, modu praktiko batean.
- Urriak 5, Abadiño. Muntsaratz dorretxea: Dorre honen barruan, gaur egunera arte iritsi diren elementu arkitektoniko horien biztanleek eta eraikitzaileek zer pentsatzen zuten ulertu ahal izango da.
- Urriak 11, Garai. Tromoitioko barruti gotortua: Gure arbasoek inguruko gailurretan egiten zituzten eraikinen adibide bat da. Ingurua jagoteko gune bat. Euskal arkitektura tradizionalaren adibide ezin hobea.
- Urriak12, Mañaria. Harri Lorategia: Bisita, Mañariako harrobietan marmol ustiapenaren jatorria azalduz hasiko da. Gero, Tadanori Yamaguchi artista japoniarrak egindako instalazioa eta bertan dauden bestelako eskulturak ezagutuko dituzte bisitariek. -
- Urriak 18, Iurreta. Hilerriaren arkitektura: Hitzaldi honetan hileta ohiturek eta hileta arkitekturak izan duen bilakaera ezagutuko da, Iurretako hilerriak izan duen bilakaera aztertzearekin batera. -
- Urriak 19, Mallabia. Baserrien arkitekturaren aldaerak: Duela 500 urte baino gehiagotik, baserria izan da gizarte berezi bat garatzea ahalbidetu duen elementu arkitektoniko ezin hobea. Zengotita auzoko baserriak aztertuko dira jardunaldi honetan.
- Urriak 25, Otxandio. Plaza Nagusiaren arkitekturak: Udaletxeko Jauregia, frontoia, pasealekua, bolatokia, eta Vulkanoren Iturria aztertuko dira herriko plaza protagonista izango den bisita honetan.
- Urriak 26, Zaldibar. Ama samur oŕek magalpetu gaizuz: Zaldibarko Miraria Ama Birjinari eskainitako kaperaren eraikuntzak 100 urte bete ditu. Juan de Aranoa euskal margolariak apaindutako eraikina da, urteetan zehar oharkabean pasatu den bitxi artistikoa.
Ekintzetan parte hartzeko interesa dutenek, ondareabizkaia.eus atariaren bidez egin behar dute izen-ematea.