Gerrako 530 haur identifikatu dituzte Durangaldean oraingoz, eta herritarren laguntza eskatu dute
2026/03/25
1936ko kolpe faxistaren eta osteko gerraren ondorioak ugariak izan ziren. Erailketak, kartzelaratzeak, zigorrak, lapurretak, bonbardaketak… Frontea atzeraka etorri ahala, gerratik ihesi joan behar izan zuten askok eta askok, bizitza salbatzeko helburuz. Durangaldeko familia batzuek Bizkaiko probintzian bertan edo Kantabrian (Espainia) hartu zuten babes aldi baterako; zenbaitek bidaia luzeagoa egin behar izan zuten, beste estatu batzuetan erbesteratzeko. Orduko Eusko Jaurlaritzak haurrak babesteko ebakuazio plan berezi bat landu zuen, eta horren bidez milaka izan ziren Euskal Herritik erbestera joan zirenak. Bada, gerrako haur deserriratu horien memoria jasotzeko asmoz, Durangaldean ikerketa abiatu dute Gerediaga elkarteak, Intxorta 1937 kultur elkarteak eta eskualdeko talde memorialistek. Durangon egin dute jendaurreko aurkezpena, lehen datuak eta aurrera begirako ildoak azaltzeko, eta datu esanguratsu bat azaleratu dute: 530 haurrek baino gehiagok Durangaldetik atzerrira ihes egin behar izan zuten 1936ko gerraren eraginez. Zerrendak osatzen jarraitzeko, herritarren laguntza eskatu dute antolatzaileek. Webgune honetan daude zerrendak ikusgai, eta informazioa eman gura dutenek kanal hauetatik egin dezakete:
Helbide elektronikoa: info@gerediaga.eus
Telefonoa: 688631081 (astelehenetik ostegunera, 15:00-18:00)
Aurkezpenean, ikerketaren garrantzia nabarmendu gura izan dute arduradunek. “Ikerketa hau garatuta, gerrako umeen memoriaren aitortza egin nahi dugu, haiek erbestean bizi izan zutena jasotzea ezinbestekoa delako gerra eta gerraostea ulertzeko”, azaldu du Goiatz Pelaez Gerediaga elkarteko kideak.
Ikerketa prozesu sakon eta zabala
Gerrako haurren gaia lantzen lan handia egin du azken urteetan Intxorta 1937 elkarteak. Gipuzkoan 10.000tik gora haurren zerrenda osatu du. Ikerketa Durangaldean hedatzeko nahia erakutsi, eta Gerediaga elkarteak koordinatzeko ardura hartu zuen. Gero, talde herrietako memorialistak batu ziren: Andikona 1936 (Otxandio), Berrizko memoria eta giza eskubideen taldea, Castet (Zaldibar), Durango 1936 eta Laumunarrieta (Elorrio). Horiez gainera, Birminghameko Unibertsitateko Memory as Transgenerational Care ikerketa taldea parte hartzen ari da prozesuan, eta gerrako gaietan aditua den Jimi Jiménez historialaria ere badabil ikerlanean.
Intxorta 1937 elkarteak oinarrizko zerrenda bat osatu zuen lehenik, eta azken hilabeteetan lan hori osatzen ibili dira gainerako elkarteetako kideak, artxiboak eta erroldak arakatzen, adibidez (ikus zerrenda oharraren amaieran). Gainera, herriz herri norbanako batzuen laguntza ere jaso dute.
Hasierako datu esanguratsu batzuk
Euskal Herrian eta Espainiar estatu barruan emandako migrazioen kopurua hain handia izanik, ikerketa estatutik kanpo joandako 16 urtez azpiko umeengan zentratu dute. Hauek dira datu esanguratsu batzuk:
Haurrak guztira: 529
Generoa: Emakumeak %49,62 / Gizonak %50,38
Herrika:
- Durango (eta Iurreta): 318
- Iurreta: 5
- Abadiño: 19
- Amorebieta-Etxano: 46
- Atxondo: 1
- Berriz: 20
- Elorrio: 37
- Ermua: 16
- Garai: 1
- Izurtza: 12
- Mañaria: 4
- Otxandio: 35
- Zaldibar: 15
*Iurreta Durangorekin anexionatuta zegoen garai hartan. Beraz, Durangoko zerrendan baliteke zenbait iurretar egotea. Momentuz, horietako bost iurretar bezala identifikatzea lortu dute ikerlariek. Bestalde, ez dute Mallabiko izenik topatu.
Destinoak:
Haur gehienak Frantziara joan ziren, eta horietako hainbatek handik migratu egin zuten gerora.
- Frantzia: 204
- Katalunia (Frantziatik bueltan): 178
- Belgika: 66
- Erresuma Batua: 62
- Ipar Euskal Herria (Frantziatik bueltan): 6
- Sobietar Batasuna: 2
- Mexiko: 1
Ikerketan aztertu diren iturriak hurrengoak izan dira:
EAH Euskadiko Artxibo Historikoa
CDMH Centro Documental de la Memoria Histórica
ARCHIVES NATIONALES DE FRANCE
AGA Archivo General de la Adminitración
BASQUES CHILDREN
ARCHIVO MUNICIPAL DE ALCALÁ DE HENARES
Durangaldeko udaletako erroldak (1935 eta 1940)
GREGORIO ARRIEN (¡Salvad a los niños! Historia del Exilio Vasco en Gran Bretaña, 1937-1940)
ALONSO CARBALLES (1937, los niños vascos evacuados a Francia y Bélgica)
IKERLARIAK
Gloria Campoy y Collado
Marc Mas Carrera
Jimi Jiménez