Mañariko memoria berreskuratu asmoz, argazki zaharren bilketa egingo du Ursula Donea elkarteak


2026/06/29


Argazki batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Antzinako irudi bakoitzean aurpegi ezagunak, partekatutako uneak, jaiak, lanak, aldatu diren paisaiak eta gure herriaren historiaren parte diren oroitzapenak ezkutatzen dira.

Datorren urtean 40. urteurrena ospatuko du Ursula Donea adinekoen elkarteak, eta proiektu berezi bati ekin nahi diote. Gerediaga Elkartearekin elkarlanean, Mañariko argazki zaharrak bildu eta digitalizatzeko kanpaina bat jarriko dute abian, herriko ondare historiko eta kulturala kontserbatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Uztailean zehar garatuko dute bilketa, asteazkenetan eta ostiraletan.

Horregatik, Mañariko herritarrei XX. mendeko argazki zaharrak biltzen laguntzeko deialdia egin diete. “Pertsonen, familien, auzoen, eskolen, lanen, jaien, gertakarien... irudiak bilatzen ditugu, baita gure herriaren bizitza islatzen duen beste edozein une ere”, adierazi dute lanean ibiliko diren elkarteko kideek. Argazkiak Gerediaga elkartean digitalizatuko dituzte, eta lana egindakoan jabeei itzuliko zaizkie.

“Gure elkartearentzat hain berezia den urteurren honetan, 40 urte hauek etorkizunera begira ospatu nahi ditugu, baina gaur egun ezagutzen dugun Mañaria eraiki zutenen aztarnak ahaztu gabe”, nabarmendu dute elkarteko ordezkariek.

 

Noiz eta non entregatu ahal izango dira argazkiak?

Argazkiak Ursula Donea Elkartearen lokalean jasoko dira, uztailaren 1tik 29ra.

Bilketa-ordutegia:

       •          Asteazkenetan (1, 8, 15, 22 eta 29): 11:00etatik 13:00etara.

       •          Ostiraletan (3, 10, 17 eta 24): 17:00etatik 19:00etara.