Elorrioko Ortuguren baserriko troxa handi eta historikoa Euskal Museoan erakutsiko dute


2026/01/15


Elorrioko Ortuguren baserrian zurezko altxor bat gorde izan dute urte luzez. Adituen arabera, XVII. eta XVIII. mendeen artean sorturiko troxa da; 1797ko urtarrilaren 9ko ezkontza hitzarmen batean aipatzen da, inbentarioen atalean. Tamaina oso handikoa da: luzeran 260 zm, zabaleran 165 zm, eta altueran 165 zm, zuraren lodiera 6,5 zm-koa delarik. Aleak gordetzeko erabiltzen zen (artoa, garia...) eta barruan 4140 kg hartzeko gaitasuna du.

Piezaren balioaz jabeturik, Landaburu-Uribarrena familiak eta Euskal Museoak hitzarmena sinatu zuten, jendaurrean erakutsi ahal izateko. Museoa aurtengo ekainean zabalduko dute berriro obren ostean, eta troxa ordutik aurrera egongo da ikusgai. Kontserbazioa zaintzeko helburuz, anoxia tratamenduarekin desinfektatu egingo dute lehenik; horregatik, dagoeneko Ortuguren baserritik Bilbora eroateko garraio lanak egin dituzte, makineria egokia erabiliz. Pieza bezala, ikusgarria izan da garraioa bera ere.

Astola aldizkariko 18. alean Ortuguren baserriko troxari buruzko artikulua idatzi zuen Fran Iruarrizaga Landaburuk, eta informazio hori webgune honetan deskargatzeko moduan dago, aldizkariko gainerako artikulu laburrekin batera: Astola 18 - Laburrean